Rafa Larreina Politikoki ez zuzena, beharbada desegokia. |
Eusko parlamentaria naiz, beti Eusko Alkartasunaren barruan, izan ere talde
politiko honen Antolakuntza idazkaria naiz. Egun, Eusko Jaurlaritzaren
bigarren lehendakariordea naiz baita ere. ...Gehiago.
![]()
24/12/2007

Zorionak eta Urte Berri on
opa dizuet zuri eta zeure familia osoari,
Belengo Argiak haibeste maite dugun
herri honetan bakea eta alaitasuna
ereiten lagunduko digun itxaropenez.
Iruzkinak (0)
11:00 pm
24/10/2007
EAko antolakuntza idazkari Rafa Larreinari egokia iruditu zaio Joseba Egibarrek Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira egindako proposamena. Egibarrek iradoki zuen egokia izango litzatekeela Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxeren proposamenarekin bat egiten duten alderdiak «bloke batean» aurkeztea hauteskunde horietara. Estatuetakoak ez diren Legebiltzarren konferentzia batean dago Larreina Berlinen, eta han jakinarazi du pozgarria iruditzen zaiola, «autodeterminazio eskubidearen alde daudenen artean bloke bat osatzea». Gainera, «EAz gain» beste alderdi batzuek ere horrelako gaiak aztertzen aritzeak poztu egiten duela nabarmendu du, alderdi horrek ohar bidez jakinarazi duenez.
«Bloke» batean joate hori garrantzitsua iruditzen zaio EAri, Larreinaren iritzian, azken 30 urteetako esperientziak argi utzi baitu Espainiako Gobernuak «praktikan inoiz ez duelako onartu euskaldunon borondatea». Jarrera horrek «erantzun garbia» eduki behar du Larreinaren iritzian, eta hori subiranotasun gakoetan eman behar dela uste du. Horregatik, «indarkeriaren eta terrorismoaren arbuio garbia» egiten dutenekin osatutako «blokea» behar delakoan dago. Horrela, Espainiako Gobernuari esateko «Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea ezin duela ignoratu».
BIDE «POLITIKO ETA DEMOKRATIKOAK». Larreinak Berlinen esandakoaren arabera bide «politiko eta demokratikoetatik bakarrik» lortuko da «bakea eta normalizazio politikoa». Bide horretan Espainiako alderdien «pentsamendu ahultasunari» aurre egiteko tresna demokratiko eta eraginkorra izan daiteke Larreinaren iritzian, «bloke subiranista». Era berean, «indarkeriaren alde» egiten dutenei erantzuteko era balioko luke bloke horrek, bere ustez.
Iruzkinak (0)
11:11 pm
16/09/2007
Hilaren 23an Portugaleten egingo duten Alkartasun Egunaren aurkezpena egin du Rafa Larreinak
Berria
Gasteiz
Euskal Herriaren independentzia «indarkeriarik gabe» baino ezingo dela lortu adierazi zuen Rafa Larreina Eusko Alkartasunako Antolakuntza idazkariak, atzo, Gasteizen. Irailaren 23an Portugaleten (Bizkaia) ospatzekoak diren Alkartasun Egunaren aurkezpenean egin zituen adierazpenak Larreinak.
Independentziazale gehienak indarkeriaren aurka daudela esan zuen EAko Antolakuntza idazkariak. Bere hitzetan, «gure helbururantz bide baketsu eta demokratikoen bidez aurrera egiteko oztopo nagusia» indarkeria da. Gainera, Batasuneko kide askok independentziaren alde bezala «giza eskubideen eta bakearen alde» ere egiten duela esan zuen Larreinak.
Alkartasun Eguneko ekitaldian EAren «proiektu politiko demokratikoa, independentziazalea, sozialdemokrata eta errepublikazalea» defendituko dutela esan zuen. Alderdiaren eguneko ekitaldi politikoan Begoña Errazti EAko presidentea eta Unai Ziarreta idazkari nagusia izango dira hizlariak.
IMAZ DELA ETA. Josu Jon Imazek EBBko lehendakariaren azken erabakiari buruz galdetu ziotelarik, EAJren barne egoerak Eusko Jaurlaritzako hirukoan eraginik ez duela izango erantzun zuen Larreinak, Ibarretxeren gobernuak «ideiak argi, hitzartutako gobernu egitasmoa eta hiru koaliziokideek finkatutako ibilbide orria dituelako». EAk transbertsalitatea defenditzen duela ere esan zuen, Eusko Jaurlaritza bera transbertsala dela argudiatuta.
Iruzkinak (0)
1:35 pm
15/09/2007
2007/09/15 eitb24
Eusko Alkartasunak Portugaleten ospatuko du aurtengo Alkaratsun Eguna. Datorren igandean, irailaren 23an, izango da, eta Begoña Errazti presidentea nahiz Unai Ziarreta idazkari nagusia izango dira hizlari. Ondoren, herri bazkarian parte hartuko dute 2.000 lagunek.
Euskal Herriaren erabakitze eskubidea “ahalik eta lasterren” gauzatzeko proposamena izango da EAren Alkartasun Eguneko lelo nagusia.
Rafa Larreina EAko legebiltzarkideak esan du, gainera, “erradikaltasun demokratikoa” defendatuko duela Eusko Alkartasunak, “indarkeria mota guztien desagerpenaren eta eskubide guztien defentsa, alegia”. Izan ere, indarkeria da EAren iritziz, gaur gaurkoz, Euskal Herriak erabakitze eskubidea garatzeko duen “oztopo nagusia”.
Europa batuaren barruan, XXI. mendeko Euskal Herriaren independentzia ere aldarrikatuko du EAk Alkartasun Egunaren 22garren edizioan; izan ere, 22 urte betetzen ditu aurten alderdiak.
Iruzkinak (0)
8:10 pm
04/09/2007
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, “hipokresia handia dago, galdeketa egiteko oztopoa ez da indarkeria egotea edo ez, erreferenduma egiteko benetako asmoa dagoen baizik. Guk galdeketa egitearen eta indarkeria desagertzearen alde egingo dugu lan”, agertu du.
Herritarrei egingo zaien balizko galdera ere hizpide hartu du EAko buruzagiak. Haren ustez, alderdi politikoek adostu behar dute baina garrantzitsuena “kontzeptua” dela nabarmendu du, “hau da, euskal gizarteak erabakitzeko duen eskubidea”.
Josu Jon Imaz EAJren EBBko presidenteak azkenaldian hitzetik hortzera erabilitako “zeharkakotasuna” edo “Estatuarekin hitzarmena” berben inguruko iritzia eman du Larreinak. Esan duenez, “batzuetan hitz batzuen ostean ahultasun ideologikoa dago eta herritarren asmoak murrizten dira, beharbada nahi gabe”. Dena dela, berbok eragindako ika-mikak hirukoari minik egingo ez diola nabarmendu du. Izan ere, Jaurlaritzaren baitan “leialtasuna eta koherentzia daude”.
NaBai koalizioko kide da EA eta foru erkidegoko egoera “kezkaz” jarraitu duela adierazi du Larreinak. Horren ildoan, Jose Luis Rodriguez Zapaterok atzo esandakoak (”hasieratik” UPN Gobernua zuzentzearen aldekoa izan zela) aipatu ditu EAko buruzagiak. Haren esanetan, gobernuburuak “gizartea engainatu du, herritarren erabakia errespetatuko zuela esan baitzuen”.
Azkenik, Gipuzkoan ezarri beharreko Sozietateen gaineko Zerga %30koa izan behar duela uste du Larreinak, tasa horrek “egonkortasun handia” ekarriko baitu, haren hitzetan.
Iruzkinak (0)
3:55 am
27/06/2007
Imazen kritiken ondoren, EAk uste du EAJk “neurriz handitu” duela hirukoaren inguruko polemika, “horren amaiera justifikatzeko, Ibarretxe ordezkatu eta Ardanza garaira eta Madrilekin egindako itunetara itzultzeko”
Rafa Larreina Eusko Alkartasuneko Antolakuntza idazkariak adierazi du EAk ez duela EAJrekiko “desleialki” jokatu udal berriak osatzerakoan eta, beraz, Josu Jon Imazi horrelakorik ez esateko exijitu dio. EAJren buruzagiaren kritikak “faltsukeriatan” oinarritzen direla eta “onartezinak” direla nabarmendu du.
Larreinak agiri baten bidez erantzun dio Imazi. Azken honen ustez, EAk EAJri 12 alkatetza kentzeko jardun du eta asmo horrekin egin ditu itunak.
Larreinaren esanetan, baina, EAJ izan da EAk boto gehien lortu dituen herrietan alkatetzak lortzen saiatu dena. “Zumaian eta Muskizen gertatutakoagatik EAJ sumindu den moduan, guk ere berdina egin genezakeen Sopuertan frankismoarekin konprometitutako alkatea izango delako, soilik EAJk EAren hautagaia babestu nahi izan ez duelako”.
“EAk boto gehien lortu duen udalerri bakar batean ere ez dugu EAJren botorik jaso alkatetzak eskuratzeko”, gogoratu du. Aitzitik, zortzi herritan EAJko alkateak badaude, EAren botoak izan dutelako dela nabarmendu du.
Larreinaren iritziz, Zumaia eta Muskizeko kasuetatik atera behar den ondorio bakarra da batzutan zaila dela alderdi baten irizpide nagusiak udalerrietan aplikatzea.
“EAJk hirukoari amaiera eman nahi dio”
Larreinak azpimarratu du EA eta Begoña Errazti bera izan direla “mila aldiz” hirukoarekiko konpromisoa berretsi dutenak, “Imazek Alderdi Popularrarekin itunak egiteko aukeraz espekulatzen zuen bitartean”.
Gauzak horrela, “EAn oso argi dugu subiranotasunaren aldeko apustua iraunkorra dela, ez dela, Imazek planteatzen omen duen moduan, 2009an amaitzen”.
Bere ustez, EAJren zati batek hirukoaren inguruko polemika “neurriz handitu” du, “horren amaiera justifikatzeko, Ibarretxe ordezkatu eta Ardanza garaira itzultzeko, autonomismora eta Madrilekin egindako itunetara”.
Iruzkinak (0)
9:50 pm
26/06/2007
Egia da, oraingoan bakarrik joatea erabaki dugun arte, 1999az geroztik hauteskunde lokal eta autonomikoetan EA eta PNV koalizioan aurkeztu garela, une horietan Euskal Herriaren interesak ahalik eta hobekien babestearren formula hori erantzunik egokiena zela deliberatu genuelako. Hala ere, eta hainbat puntutan ikuspegi berdina edo antzekoa dugun arren, koalizioa osatu izanagatik ezin dugu ondorioztatu EA eta PNV gauza bera garela, inolaz ere.
Eskuin-ezker ardatz ideologikoan Eusko Alkartasuna, euskal sozialdemokrazia, ezkerretara kokatzen da konplexurik gabe. Argi dago hori ez dela PNVren hautua eta horrek isla zuzena dauka ordezkaritza dugun instituzioetan, bertan alderdi bakoitzak bere planteamendu propioak egiten dituelako eta bien arteko ezberdintasunak, batik bat gizarte arloan, agerian uzten ditugulako. PNVn ez bezala, Eusko Alkartasunan politika aurrerakoiagoak bultzatzearen aldekoak garela ozenki esan dezaket. Ez da erretorika hutsa; adibide zehatzak ere jar ditzaket. Esaterako, Elkarteen Zergaren tipoa nabarmen jaistearen aldeko apustua egin du PNVk PPrekin batera; guk, ordea, ezetz esan dugu, PSEk, EBk, Aralarrek eta Batasunak bezala. Eskuin-ezker ardatza berriro ere. Zatiketa bera gertatu zen Legebiltzarrean etxebizitza-politikari buruzko eztabaida batean, hutsik dauden pisuen gaineko zergak handiagotu behar direla erabaki genuenean, alokairuak bultzatzeko asmoz. Orduan ere PNV eta PP alde batera geratu ziren eta besteok, ezkerreko ikuspegia dugunok, bestera.
Nazio ikuspegiari dagokionez ere EA eta PNVren arteko ezberdintasunak nabariak dira. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu bi alderdiok baina ezin daiteke esan indar berarekin egiten dugunik. PNVn asko dira instituzioen kudeaketari garrantzia ematen diotenak eta eskuduntza gehiago izango lukeen estatutu berri bat amesten dutenak; guk, aldiz, EAtik Euskal Herriaren independentzia nahi eta aldarrikatzen dugu. Argi eta garbi diogu; ez dugu inolako konplexurik.
Nik uste, beraz, ezberdintasunak egon badaudela eta horretaz jabetzeko nahikoa dela batzuen eta besteen eguneroko jarduera aztertzea.
Eta bukatzeko: ez, ez dut uste koalizioa bertan behera uzteak gizartea nahastu duenik, kontrakoa baizik. Alderdi bakoitzak bere eskaintza politikoa argitasunez egiteko aukera izan du, koaliziokideak bere mezua baldintzatu gabe, eta horrek euskal eszenatoki politikoa argitzeko balio izan du, denok jakin dezagun alderdi bakoitzak zer pisu duen eta zer ordezkatzen duen.
Â
Iruzkinak (0)
6:50 pm
03/05/2007
2007/05/03
Rafa Larreina EAko antolakuntza idazkariak gaur salatu du Estatuko Fiskaltza Nagusiak Amezketako (Gipuzkoa) Kimu Berri Taldea hautes elkarte “independentea” inpugnatu duela, zerrendan doazen hamar lagunek “Alderdien Legeak ezartzen duena zehatz-mehatz eta zorrozki betetzen eta indarkeria modu esplizituan arbuiatzen duten arren”.
EAko buruzagiak ziurtatu duenez, zerrendaren baliogabetzea eskatzeko argudioa hamar kideetatik bostek legez kanpo utzitako alderdiekin lotura dutela litzateke, eta hori “faltsua” da haren ustez.
Kimu Berri Taldeko bi kidek orain dela lau urte baliogabetutako Ametza plataforman parte hartu zuten, Amezketan ere. Beste bi, berriz, EHko hautagaiak izan ziren “independente” bezala.
Independentzia
Kimu Berria Taldea plataformako hiru kide Earen aldekoak dira Larreinak onartu duenez, baina hautes elkartea “independentea” dela eta alderdi sozialdemokrata ez dagoela bere atzean azpimarratu du.
Iruzkinak (0)
9:54 pm
11/03/2007
Iñaki de Juana euskal presoari zigorra arindu izanagatik Espainiako Gobernuaren aurka protesta egiteko PPk egin zuen manifestazioa ahotan izan dute EAk. Uste dut manifestazioa atzerapausoa dela bake eta normalizazio prozesuan, eta elkarrizketa demokratikoaren aurka doala.
EAko Antolakuntza idazkari Rafa Larreinaren irudiko, atzoko manifestazioak «demokrazia ahultzen» du, helburua «askatasuna murriztea» izan delako. Larreinak manifestatzeko eskubidea defendatu zuen, baina ohartarazi zuen mobilizazioaren helburua askatasunaren murrizketa babestea izatea «oso arriskutsua eta onartezina» dela. EAko buruaren ustez, PPk gisa horretako mobilizazioekin lortu nahi duena da «alderdiak debekatzen ziren garaietara bueltatzea, mendekuan oinarritutako espetxe politika ezartzea, eta manifestazioak debekatzea». Demokrazia indartzeko, ordea, «kontrako bidea» egin behar dela azpimarratu zuen Larreinak.
Iruzkinak (0)
3:04 am
24/02/2007
Legebiltzarrak martxoaren 3ko gertaerak ikertzeko batzorde berezia eratuko du
1976an Gasteizen izandako jazoeren erantzukizun politikoak argitu nahi ditu Eusko Legebiltzarrak
1976ko martxoaren 3ko gertakarien erantzukizun politikoak aztertu eta argitzeko batzorde berezia eratuko du Eusko Legebiltzarrak. Hala erabaki zuten atzoko osoko bilkuran EAJ, EA, EB_Berdeak, Ezker Abertzalea eta Aralarrek. PSEren jatorrizko ekimenari aurkeztutako zuzenketak onartu zituen Legebiltzarrak, sozialisten eta popularren kontrako botoekin. Batzordea sortzearen aurka azaldu ziren bi talde horiek, Euskal Herriko Unibertsitateko historia sozialeko institutu Valentin de Forondak gertakarien gainean landutako txosten historikoarekin ikerketa nahikoa egin dela iritzita. Hain justu ere, txosten hori abiapuntu hartuta lan egingo du batzordeak aurrerantzean, baina azterketa historikoa egiten bainoago, ardura politikoak argitzen saiatuko da.
Duela hogeita hamaika urte, martxoaren 3an, Espainiako Poliziak Gasteizko San Frantzisko elizan batzartuta zeuden bost langile hil eta ehunka zauritu zituen. Pedro Maria Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Bienvenido Perea eta Jose Garcia Castillo izan ziren hildakoak. Garai hartan Manuel Fraga zen Gobernazio ministroa, eta polizia bere zuzendaritzapean zegoen.
Erantzukizun politikoak ikertzeaz gain, eskaria ere egin dio Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari. Hain zuzen, Espainiako Memoria Historikoaren Lege egitasmoaren barruan martxoak 3ko biktimak aintzat hartzeko galdegin dio, baina ez bakarrik hildakoak, baita «zaurituak, kartzelan egon zirenak eta edozelango ondorioak pairatu zituztenak ere». Halaber, Terrorismoaren Biktimekiko Elkartasunerako Legearen bitartez garai hartako biktimek kalte-ordainak jasotzeko aukera izateko galdegin diote Zapateroren gobernuari.
Iruzkinak (0)
2:08 am