Rafa Larreina Politikoki ez zuzena, beharbada desegokia. |
Gasteizen jaio nintzen 1956an. Euskal Herriko Unibertsitatean Ekonomia ikasketak egin nituen, IESEko PLGP2007. 1990tik 2009ra Eusko parlamentaria izan naiz...Gehiago.
![]()

![]()
10/01/2005
Rafa Larreinaren aburuz, EAJ-EA koalizioa Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proposamenak aurrera egingo duen berma da. Gasteizko Legebiltzarrean harrapatu dugu Rafa Larreina, Ibarretxe planaren eztabaida hasi baino ordu batzuk lehenago. Buru-belarri zebilen osoko bilkuran irakurri behar zuen hitzaldia prestatzen, baina pozik hartu gaitu; batetik, Jaurlaritzak Aurrekontuak onartzea lortu duelako, bestetik, EAEko Auzitegi Gorenak “Atutxa auzia” bertan behera utzi duelako.
Oso zaila izan al da koalizio akordioa lortzea? Zuen nahiak beheratu behar izan dituzue?
Ez da zaila izan. Negoziazioa ez da egin botere banaketa egiteko. Apustu politikoa nagusitu da; izan ere, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proposamenak aurrera egingo duen berma da EAJ-EA koalizioa. Adostu ditugun baldintzak funtsezkoak dira. Besteak beste, koalizioak bermatzen du herri-kontsulta egongo dela eta gizarteak erabakitzeko aukera izango duela. Ez dago atzera martxarik. Bestalde legealdiko lehen urtean zehar, Udal Legea onartu behar da Legebiltzarrean, ezinbesteko tresna baita. Lurralde Historikoen Legea ere berriz planteatu behar dugu.
Baina ekonomi mailan edo ingurumenarekin zerikusia duten gai askotan ez zatozte bat EAJrekin….
Horiek hauteskunde programan zehaztu beharko ditugu, baita elkargunean bilatu eta aurkitu ere. Koalizio akordioa lortzeko, ezinbestekoak ziren baldintzak jarri ditugu mahai gainean. Horiek gabe ezinezkoa zen akordio bat eskuratzea. EAko batzar nazionalaren %19k ezezko botoa eman zion koalizio akordioari.
Zer deritzozu?
Babes sendoa lortu du koalizioak. Batzarrak eztabaida ireki eta serioa eduki zuen. Batzar nazionalak eskerrak eman dizkie ezezko botoa eman zutenei, emaitza errespetatzeko konpromisoa hartu zutelako denek. Hori dela eta, koalizioa zentzuzko eztabaidaren eta konpromiso demokratiko baten fruitua da. Nork bere jarrera defendatu zuen, baina bozketaren ondoren guztiek onartu zuten emaitza.
Eta zergatik bozkatu zuten koalizioaren aurka? Beldur dira EAJk ez ote duen irentsiko EAren egitasmo politikoa?
Kezka hori egon badago sektore batzuetan, baina nire ustez, bestelako arrazoiak badaude. Batzuen ustez, positiboagoa da ideologiari eustea; beste batzuek, berriz, pentsatzen dute hobe dela nazio eraikuntzaren bidean aurrera jarraitzea, eta horixe egiten ari gara oraintxe. Halaber, nola baiteko mesfidantza dago EAJrekin. Baina azken batean, koalizioa egingo duen apustua hauxe da, legealdi honetan irekitako prozesuak aurrera egitea. Koalizioa adostu duzue eta iragarri duzue datorren legealdian herri galdeketa egingo dela. Bai horixe. Kontsulta egiteko data bat dago. Hitz egin eta adostu dugu, baina ez dugu gehiagorik esango, gure estrategia politikoaren zatia baita hori. Ez dugu zertan iragarri. Alabaina, gizartearekin hartutako konpromisoa berretsi nahi izan dugu, eta herritarrek jakin behar dute erreferenduma egingo dela.
Eta egingo duzue ilegala bada ere?
Bai, mendiari ezin diogu aterik jarri. Gainera, Zapaterok despenalizatu du galdeketen deialdia, Aznarren egindako askatasun murrizketa. Alderdi Popularraren garaian, herriari ea zer nahi duen galdetzen zionari kartzela zigorra ezarri nahi zioten, eta hori ezin da onartu demokrazian. Horregatik, guk galdetu egingo diogu gizarteari Espainiako Gobernuaren baimenaz edo gabe; galdeketa egin egingo dugu, legezkoa izan edo ez. Gizarteak bere borondatea azaltzeko eskubidea du, eta hark esaten duena onartuko dugu. Dena den, Lehendakariak behin eta berriro esan du edozein galdeketa egiteko armak isildu behar direla, eta badirudi ETAk ez duela asmorik armak uzteko. Ez dugu egon behar ETAk edo besteek zer egiten dutenaren zain. Guk geuk egin behar ditugu ahaleginak indarkeria desagertzeko. Ildo horretan, ahal dugun guztia egingo dugu gatazka gainditu eta bakea lortzeko. Hori da gure konpromisoa.
Baina aierukorrek pentsa dezakete EAJk eta EAk su-etena adostu dutela ETArekin, galdeketa egin ahal izateko….
Guk ez dugu konpromisorik ETArekin. Gure xede bakarra hauxe da, indarkeria eta terrorismoa desagertzeko lan egitea.
Barkatu tematzea, baina nola uler daiteke galdeketari data jartzea ETAk armak utziko dituen jakin gabe?
ETA ezin da afera guztien erreferentzi puntua izan. Arazoa bukatzeko modu bakarra ez da garaitzea, konbentzitzea baizik. Eta gu jabetuta gaude bide horretan jarraituz gero, inork ez duela terrorismoa praktikatzen jarraitzeko argumenturik. Esan bezala, aro politiko berri honetan, arazoarekin bukatzeko zer egiteko prest gauden zehaztea da garrantzitsuena. Ildo horretan aurrera egiteko babez osoa emango diogu Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuari, gai teknikoei buruz ETArekin hitz egiteko eseriz gero. Bestetik, Anoetako proposamena abian jartzen lagunduko diogu Batasunari.
Batzuen ustez, herri galdeketa erabili nahi duzue ezker abertzalearen botoak erakartzeko….
Gauza asko esan dezakete, baina gu ez gaude besteei so, gure apustu politikoari baizik. Aspaldidanik hitz egiten ari gara gauza horietaz guztietaz. Hala ere, jakina da hauteskundeetan ahalik eta boto gehien eskuratu nahi dituztela alderdi guztiek, eta horrek ez du esan nahi inoren aurka gaudenik.
Uste ahal duzu Batasunak EAEko hauteskundeetara aurkeztu ahal izango duela?
Ez dakit, baina Rodriguez Zapaterok ilegalizazioarekin bukatzea erabakiko balu, gure babez osoa izango luke.
Jakina denez, Batasuna legala da Estatutu frantsesean, zergatik ote? Zer iruditzen zaizu PSE-EEk aurkeztutako proposamena?
Proposamenak aurrerapauso batzuk baditu, baina baztertzailea da, atea ixten baitio zenbait egitasmo politiko abian jartzeari, gizartearen gehiengoaren babesa izanez gero. Patxi Lopezen planak hauxe suposatzen du, EAEko gizartearen %40k bere eredua inposatzen diola %60ri. Ibarretxe planarekin, berriz, alderdi ororen proiektuen aurrera egin dezakete gehiengoaren sostengua izatekotan, eta norberak erabaki dezake zer izan nahi duen: euskaldunak soilik, espainola eta euskalduna, edo ezer ez….
Jaurlaritzak aurrekontuak onartzea lortu du ustekabean. Pozik?
Bai, baina sentimendu gazi-gozoa dugu, Irene Novales PSE-EEko legebiltzarkidearen hutsegiteari ezker onartu dugulako. EAko taldean asko estimatzen dugu Irene, eta pena bat da “istripu” hori berari gertatu izana. Halere, aurrekontuak onartzea positiboa da beti gizarte guztiarentzat. Hobe da aurrekontua edukitzea, luzatzea baino.
Post honetarako oharrentzako Feed RSS. Aipuaren URIa