Rafa Larreina Politikoki ez zuzena, beharbada desegokia. |
Gasteizen jaio nintzen 1956an. Euskal Herriko Unibertsitatean Ekonomia ikasketak egin nituen, IESEko PLGP2007. 1990tik 2009ra Eusko parlamentaria izan naiz...Gehiago.
![]()

![]()
27/06/2007
Imazen kritiken ondoren, EAk uste du EAJk “neurriz handitu” duela hirukoaren inguruko polemika, “horren amaiera justifikatzeko, Ibarretxe ordezkatu eta Ardanza garaira eta Madrilekin egindako itunetara itzultzeko”
Rafa Larreina Eusko Alkartasuneko Antolakuntza idazkariak adierazi du EAk ez duela EAJrekiko “desleialki” jokatu udal berriak osatzerakoan eta, beraz, Josu Jon Imazi horrelakorik ez esateko exijitu dio. EAJren buruzagiaren kritikak “faltsukeriatan” oinarritzen direla eta “onartezinak” direla nabarmendu du.
Larreinak agiri baten bidez erantzun dio Imazi. Azken honen ustez, EAk EAJri 12 alkatetza kentzeko jardun du eta asmo horrekin egin ditu itunak.
Larreinaren esanetan, baina, EAJ izan da EAk boto gehien lortu dituen herrietan alkatetzak lortzen saiatu dena. “Zumaian eta Muskizen gertatutakoagatik EAJ sumindu den moduan, guk ere berdina egin genezakeen Sopuertan frankismoarekin konprometitutako alkatea izango delako, soilik EAJk EAren hautagaia babestu nahi izan ez duelako”.
“EAk boto gehien lortu duen udalerri bakar batean ere ez dugu EAJren botorik jaso alkatetzak eskuratzeko”, gogoratu du. Aitzitik, zortzi herritan EAJko alkateak badaude, EAren botoak izan dutelako dela nabarmendu du.
Larreinaren iritziz, Zumaia eta Muskizeko kasuetatik atera behar den ondorio bakarra da batzutan zaila dela alderdi baten irizpide nagusiak udalerrietan aplikatzea.
“EAJk hirukoari amaiera eman nahi dio”
Larreinak azpimarratu du EA eta BegoƱa Errazti bera izan direla “mila aldiz” hirukoarekiko konpromisoa berretsi dutenak, “Imazek Alderdi Popularrarekin itunak egiteko aukeraz espekulatzen zuen bitartean”.
Gauzak horrela, “EAn oso argi dugu subiranotasunaren aldeko apustua iraunkorra dela, ez dela, Imazek planteatzen omen duen moduan, 2009an amaitzen”.
Bere ustez, EAJren zati batek hirukoaren inguruko polemika “neurriz handitu” du, “horren amaiera justifikatzeko, Ibarretxe ordezkatu eta Ardanza garaira itzultzeko, autonomismora eta Madrilekin egindako itunetara”.
Iruzkinak (0)
9:50 pm
26/06/2007
Egia da, oraingoan bakarrik joatea erabaki dugun arte, 1999az geroztik hauteskunde lokal eta autonomikoetan EA eta PNV koalizioan aurkeztu garela, une horietan Euskal Herriaren interesak ahalik eta hobekien babestearren formula hori erantzunik egokiena zela deliberatu genuelako. Hala ere, eta hainbat puntutan ikuspegi berdina edo antzekoa dugun arren, koalizioa osatu izanagatik ezin dugu ondorioztatu EA eta PNV gauza bera garela, inolaz ere.
Eskuin-ezker ardatz ideologikoan Eusko Alkartasuna, euskal sozialdemokrazia, ezkerretara kokatzen da konplexurik gabe. Argi dago hori ez dela PNVren hautua eta horrek isla zuzena dauka ordezkaritza dugun instituzioetan, bertan alderdi bakoitzak bere planteamendu propioak egiten dituelako eta bien arteko ezberdintasunak, batik bat gizarte arloan, agerian uzten ditugulako. PNVn ez bezala, Eusko Alkartasunan politika aurrerakoiagoak bultzatzearen aldekoak garela ozenki esan dezaket. Ez da erretorika hutsa; adibide zehatzak ere jar ditzaket. Esaterako, Elkarteen Zergaren tipoa nabarmen jaistearen aldeko apustua egin du PNVk PPrekin batera; guk, ordea, ezetz esan dugu, PSEk, EBk, Aralarrek eta Batasunak bezala. Eskuin-ezker ardatza berriro ere. Zatiketa bera gertatu zen Legebiltzarrean etxebizitza-politikari buruzko eztabaida batean, hutsik dauden pisuen gaineko zergak handiagotu behar direla erabaki genuenean, alokairuak bultzatzeko asmoz. Orduan ere PNV eta PP alde batera geratu ziren eta besteok, ezkerreko ikuspegia dugunok, bestera.
Nazio ikuspegiari dagokionez ere EA eta PNVren arteko ezberdintasunak nabariak dira. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu bi alderdiok baina ezin daiteke esan indar berarekin egiten dugunik. PNVn asko dira instituzioen kudeaketari garrantzia ematen diotenak eta eskuduntza gehiago izango lukeen estatutu berri bat amesten dutenak; guk, aldiz, EAtik Euskal Herriaren independentzia nahi eta aldarrikatzen dugu. Argi eta garbi diogu; ez dugu inolako konplexurik.
Nik uste, beraz, ezberdintasunak egon badaudela eta horretaz jabetzeko nahikoa dela batzuen eta besteen eguneroko jarduera aztertzea.
Eta bukatzeko: ez, ez dut uste koalizioa bertan behera uzteak gizartea nahastu duenik, kontrakoa baizik. Alderdi bakoitzak bere eskaintza politikoa argitasunez egiteko aukera izan du, koaliziokideak bere mezua baldintzatu gabe, eta horrek euskal eszenatoki politikoa argitzeko balio izan du, denok jakin dezagun alderdi bakoitzak zer pisu duen eta zer ordezkatzen duen.
Ā
Iruzkinak (0)
6:50 pm